2015(e)ko urtarrilaren 27(a), asteartea

Pierre Etxeberriren Egunkaria: Euskaldun bat Lehenengo Mundu Gerran (2)

1915eko abuztuaren 2an.

Batzuk azaldu ez badira ere, gizonak oro, 21 eta 48 urte arteko gutiz gehienak eta zenbait gazteago ere bai boluntario aurkeztuak, partitu gara gure etxeetatik trenetan, karrosetan, bizikletan, zaldi-mandoetan, oinez, dilijentziaz, autoz oraino zenbait, partitu gara eta bagoaz herrietarik, Bonazaharretik, Iholditik, Gixunetik, Baigorritik, Bidarraitik, Luhusotik, Garruzetik, Hendaiatik, Itsasutik, Arnegitik, Irisaritik, Kanbotik, bagoaz Baionara, bezperan mobilizazio libretak eskuratu eta. Lau egun barru, gerra frontera abiatuko gara 49. erreximenduaren hiru batailoiak.


1915eko abuztuaren 6an.

Gaur izan dugu abiatzeko eguna. Otoitz hunkigarria finiturik, kapotak soinean ezarri eta zakuak bizkarrean emanik, fusilak zerura zutik, Frantziako banderaren eta Bainoako Infanteriako 49. erreximenduaren estandartearen gibelean. Musikari lotu zaio banda, turuta eta atabalekin errabia gorrian, eta partitu gara soldaduok oinez, Saint Espriteko zubitik beheiti, azken lau egunetan ikasiak agertuz; partitu gara aitzindariak zaldiz aitzinean, ezpatak agerian lurrera begira tinko; partitu gara Iruten ari nuzu kantatuz.
Hiri guzi izan dugu zain. Zenbaiti senideak ere zaizkio herritik joan, partitzera ikustera. Aitzindariek gaztigatuak izan gaituzte, irrintzirik ez egiteko, ez egiteko keinurik nabarmenegi, armada diziplina denez gero, eta serios behar genuenez joan aurrera begira, gorpu bakar bezala. Baina karrikarat jalgi dira emazte, heldu, gizon zenbait eta haurrak, irriz, algaraz, oihuz, eta baziren etxeko leihotik txaloka ari ziren horiek ere, hunkidura ezin atxikiz desfilatu dugu 49. erreximenduko soldaduok. Emakume batzuek ezarri dizkigute arrosak edo lore sorta osoak arma kanoiaren puntan soldadu batzuoi, eta lehertu da karrika: "Berlinera!", "Biba berrogeita bederatzigarrena!".
Soldaduok hegan bezala egin ditugu treneko urratsak, arteka gazte ausart batzuek pausoa hausten dutela emakume gazteen multzoei: "Adio, ederrak" edo hitz eder gordinagoak, emakumeak irriz ezarriz.

1915eko abuztuaren 7an.

Bagoietan bero itoa eta zaldien usaina metatzen doaz. Bi egun oso egingo dugu gisa honetan. Baina etxetik eraman jakiak, arno xahakoak, tabako belarrak eta museko kartak bihotz berritzen gaituzte.

1915eko abuztuaren 8an.

Ailegatu gara. Hartu zakuak bizkarrean, beren kinkaileria guziarekin (platerak, kantinplorak eta gainerateko trasteria guztia, zenbat kilo gizon bakarrarentzat), eta atera gara. Azkar ezarri gaituzte formazioan. Fitsik ere azaldu gabe abiatu gara pauso bakarrean.

1915eko abuztuaren 12n.

Aitzindarien hitzik gabe, nora garamatzaten jakin gabe, egin ditugu lau egun oinez. Bidean galdu dugu lehen kidea, François Latournerie. Bero kolpe batek hila da: jauntzi guziak, berrogei kiloko zakua bizkarrean, fusila, kartutxoak, abuztuko bero astun hau, eta kilometroak eta kilometroak eginarazi dizkigute lau egunez. Txori bezala zorabiatu eta erori da bidean. Itorik. Julien Bizkai eta ondoan negarrez dituen adiskide batzuei gorpua jasotzeko agindu die Leon Iturri kanpitainak zalditik jautsi gabe. Lehen heriotza. Verdunen gara. Fusilak askatu gabe lurrean lo egingo dugula jakinarazi digute. Lehen kanoikadak entzuten dira, beraz, hurbil ditugu alemanak, su zelaiak.

1915eko abuztuaren 13an.

Gaur izan dugu suzko bataioa. Gau guzian begiak sobera itxi gabe, goizeko bederatzietako baionetak fusiletan ezarri eta hiru orduz zain izan gara lubakietan. Eguerditan hasi dira frantses kanoiak orroka. Lubakietatik atera eta aurrera egin dugu, aleman obus batzuk buru gainerat zapartatzen zitzaizkigula. Hor izan dira lehen gorpuak, soldaduak eta zaldi lehertuenak. Aleman metrailetak jo eta su. Gu tiroka fusilekin, baina azkenean atzera egin behar izan. Ehunaka hildako eta buelta gure lubakietara. Ikaragarria izan da.




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina