2015(e)ko otsailaren 25(a), asteazkena

Guggenheim Bilbo museorako ateraldia

Mendillorriko DBH 3H-I Puppy-rekin
Argazkia: Patxi Abasolo

   Atzo Guggenheim Bilbo museora joan ginen DBH-3H eta 3Iko ikasleekin, Marrazketa departamentuak antolatua. Museoan ere murrizketak ezarri dituztenez, bi talde bertako gidariekin aritu ziren bitartean, Amaia eta biok arduratu ginen hirugarren taldearentzako bisita gidatuaz. Dena esan beharra dago, lehenengo aldia izan da arte garaikide bilduma bat bertatik azaldu dudana. Eta, jakina!, dena esan behar denez, esango dugu primeran egin genuela, txapeldunok Amaia eta biok! Niri honako hauek egokitu zitzaidan azaltzea: eraikina bera (dekonstruktibismoa), Miquel Navarroren Harresi Hiria, Baselitz-en Lenin anderea eta Urretxindorra, Beuysen-en Tximista oreina argituz, Boltanski-ren Gizakiak... Pena Lenin ankaz gora ikustea, baina tira!, ez da buelta eman beharko litzaiokeen istorio bakarra.

   Mari indartsu zegoen, gu blai eginda. Ongi etorri polita ere jaso genuen hiru emakume horiek eskainitako dantzaldiarekin (Niki de Saint Phalle-renak). Hori uste nuen nik bederen; baten batek pentsatuko zuen, hala ere, ez al zen izango gure ikasle batzuei azkenean museotik joateko ordua ailegatu zitzaiela jakitean? Auskalo! Ordu eta erdiko bisitaldia bukatuta, zuzenean ikusi ahal izan genuen Puppy nola apaitzen zuten. Napar on gisa, aspaldin utzi gintuen itsasoa agurtu, mokadua hartu, eta buelta. Dena den, ikasle zintzo horiek, hemen utziko dizuet Jeff Koons-en tulipa-lore sorta ederra, merezi duzue eta. Ongi bizi!

Ongi etorria ala agurra?
Argazkia: Patxi Abasolo

Irakasleari adi-adi
Argazkia: Patxi Abasolo
Ikasle zintzoentzako lore sorta ederra
Argazkia: Patxi Abasolo



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina